XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da harritzekoa izaten, bi aulki baitauzka, batean ez badago bestean egon behar, nahi eta nahi ez, bestela ohean izango zen.

Kanpoko builizio eta durrunbarekin konparatuz ez zen xintik ere sentitzen.

Oro zegoen geldi geldirik etxe hartan: izebarena arrunt normala iruditu zitzaidan, isilik eta zaratarik egin gabe egotea.

Hor egongo zen saloi handi horietako batetan utzita bere aulki eta guzti, ahaztuta seguru asko.

Etxeko neskameak beti bezala kaletik ibiliko ziren nobioekin paseatzen, egun hura gainera ezin aproposagoa zuten beren eginkizunetarako, egundoko itzalketa honekin.

Gurasoak, Mantekarenak, Gabonetan alde egin eta oraindik atzerrian zeudekeen Parisen, Venezian, Sevillan eta hortikan nonbait.

Manteka ospitalean esan bezala eta loritoak? Non ote zeuden Katty eta Cindy eta zergatik hain isilean?

Loro edo papagaio bati zer gustatzen zaio gehiago, egunaren argia edo ta gaueko iluntasuna?

Nik ez nekien zer erantzun eta hasi nintzaion buruari galdezka ia zer egingo ote nukeen horrelako hegaztiren bat izan banintz.

Dena dela, ez zeuden etxe hartan edo guztiz beldurturik, itzalketa zela bide, ez ziren ausartzen esaldi triste bat ere mokokatzera.

- Lasai, lasai txoritxoak, ez izutu, ni naiz eta, bai Rossen naiz, Mantekaren laguna eta zuengana etorri naiz zerbait esan diezadazuen...

Baina ez zidan inork ezertxo ere erantzun.

Aurrera jo nuen iluntasun haundi haren erdian.

Moldatzen nintzen nolabait, ezari ezarian, palazioaren barnean.

Hormak bizkarrarekin igurtzitzen nituela jarraitu nuen aurrera: sarrerako saloia, korridore luzea eta eskubitara pianoa zegoen gela, musika gela.

Leihoetatik ia ez zen deusik entzuten baina kotxe eta autobusen argiek zertxobait argitzen zidaten etxebarneko bidea.

- Katty, Cindy, oihukatu nuen gogorki.

Alperrik zen, gau hartan ez zidaten erantzunik eskaini nahi loro txatxu haiek.

- Momia! hots egin nuen apalkiago oraingo honetan.

Banekien alperrik zela hau ere, gor samarra baita (...).